Itsasu
“Transmisioa lasaiki egin da”

Xan Aguerre a pris la suite de son père à la ferme Haranea à Itsasu. En plus des ateliers de porcs basques et de pommes, il a ajouté quelques manex têtes noires pour la viande.
Zure burua aurkezten ahal duzu?
Itsasuarra naiz eta etxalde huntan handitu naiz. Lehen hemen GAECa bazen hiru pertsonen artean: ene aita eta bi auzo. Etxaldeko ekoizpenetan baziren Ezpeletako biperra, oilaskoa, arroltzeak eta Kintoa xerrikia. Ez zait segidan jin baina pixkanaka instalatzeko gogoa piztu zait. Hasieran, ene aitak ostatu bat sortu zuen etxaldeko produktuekin eta pentsatu nuen ostalaritzan ari-tzea, baina fite ohartu nintzen ez zela niretzat izanen. Ez duzu denbora libre anitz eta ez zen nahi nuen errit-moa. Beraz erritmo “aise lasaiago” duenez laborantxak (irri eginez), hortarat itzuli naiz. Auzoen etxaldeetan ikastaldiak egin nituen, beste ekoizpenetan, baratzegintzan eta ardiekin adibidez, eta gustatu zitzaidan.
Zer ekoizten duzu gaur egun?
Kintoa xerriki tailerra berriz hartzea hautatu dut. Euskal xerriak gizen-tzen eta transformatzen ditugu etxean, nun beste etxaldeekin laborategia partekatzen dugun. Bestalde, arto gorria landatzen dugu eta sagardiak ditugu sagar jusa eta ozpina egiteko. Biperra gelditzen erabaki dut eta ez dut oilo tailerra berriz hartu. Hau, Trebatuko ikasle batek saiatuko du gure etxaldean. Martxo bukaeran buru beltz batzuek jinen dira, 50 bat ardi, hori bildots gizenak egiteko. Hau da gehitzen dudan tailerra.
Nola saltzen duzue?
Garaian Basaburuko saskia sortu zuten, auzoko lau etxaldeen artean etxaldeetako ekoizpenekin osatzen dena. Badugu webgune bat, bezeroek horretan zer produktu erosi nahi duten hautatzen dute eta banatzaileak jendearen etxerat eramaiten ditu. Bestalde, Idoki labelean diren etxaldeekin baserri stand bat dugu Donibane Lohizuneko merkatuan, eta ondoan Amap batzuk ditugu Angelun, Hiriburun eta Hazparnen. Bezeroekin aritzea gustatzen zait, egiten dudanaz zer pentsatzen duten jakitea maite dut.
Nola pasatu da transmisioa?
Aski lasaiki egin da. Parrainage bat egin dut urte batez ene aitarekin, bera baitzen gehienik xerrietaz arduratzen eta dena den betidanik ari izan naiz etxaldean.
Christian Aguerre (bere aita): Xanek ttipidanik nahi zuen laborantxan aritu. Hasi delarik bere eskola, nik ez nuen presiorik eman nahi, segitu du bere bidea eta ikusi dut bere gogoa azkartzen zela. Xantza da denbora ukaitea transmititzeko. Behar bada ez du dena segituko nik egin nuen bezala eta ontsa da ere. Oraingoz hastapena da, administratiboki biziki pisua da: GAECa desegin, nire erretreta antolatu, bere instalazioa bukatu… Memento berezi bat da eta orain hasten da transmisioa azkenean, espero dut hor izanen naizela oraindik luzaz bere laguntzeko.
Azkenean lana ikasten da, automatismoak hartzen, baina buru karga transmititzen da ere. Baina horretaz ez naiz beldur. Enetako transmititzea semeari helburua zen. Hasi niz zerotik, dena eraiki dugu, hori emaitea ene semeari xantza bat da.
“Beti nahi izan dut egiten dudana hasieratik bukaerarat eraman”
Xan Aguerre
Kintoan zirezte, zer etorkizun ikusten duzu saila horretan?
Sailak badu fama haragi eta xingar kalitatearentzat, baina beste arrazei konparatuz luzeago da gizentzeko, orduan ez gira hainbeste. Gaur egun uste dut ainitzek pentsatzen dutela gehien produzitzeari eta ez dira bortxaz kalitateruntz eta tokiko ondareari lotuak. Kintoan jendea falta da eta bereziki sortzaile guti dira. Badira gelditzen direnak hasten diren baino gehiago. Hastapeneko nuen ideia instalatzean xerri sortzaile izaitea zen. BTSako alternantzia Kintoa sortzaile etxalde batean egin nuen eta biziki maitatu nuen. Beti nahi izan dut egiten dudana hasieratik bukaerarat eraman, horregatik xerrikumeak hemen sortarazi nahi nituen. Arrazoin on desberdinak badira: jadanik usatuak dira tokiari, stress gutiago da. Azkenean, goizago plantatu bainaiz, ez dut oraindik egin, baina proiektu hori buruan atxikitzen dut.
Denbora librearen garrantzia aipatu duzu…
Enetzat inportantea zen etxaldetik kanpo ere denbora ukaitea, instalatu orduko ingurukoari ez moztua izaiteko. Saihestu nahi nuen laborantxak ekartzen ahal duen isolazio hori. Eta horrentzat elkarte desberdinek laguntzen dute izan laborantxan, herrian, kirolan… Horrentzat profitatzen dut ene aitak enekin segitzeaz.
Aholku bat instalatu nahi duenari?
Parrainage delakoa interesgarria atxeman dut etxaldean aritzeko. Nire ustez, bederen aitzinetik sartzea etxaldearen bizian eta lanean ontsa da, horrela usaiak hartzen dituzu eta ez duzu dena deskubritzen. Enetzat, instalazioan gehitua izan den gauza bakarra eta gauza aski lodia dena paper lana da. Aitak aipatzen zidan lan handia zela baina orain ni ere ohartzen naiz. Horrentzat AFOGan sartu naiz, tresna kolektibo lagungarria delako.
