Gamere-Zihiga
“Laket niz kolektiboan”

Bettan Aguer est installé sur la ferme familiale depuis dix ans,
avec au centre de son système la transhumance de ses Buru Beltz.
.
Nor zira?
Bettan Aguer deitzen niz, Gamere-Zihigan bizi niz. Plantatü niz etxaltean ene aita eta amarekin 2016an, BAC pro bat eginik eta ondotik BTS bat. Instalatü beno lehen Centre Ovin-an lan egin düt 4 urtez eta instalatü nizalarik jeraiki düt kontrola zonbait, inzeminazione eta ekografiak egiten. Hatsarretik banakian instalatüko nintzala. Aita eta ama GAECan ziren eta ene ideia zen instalatzea bata erretretara joanen zelarik, bena 2016an ene aitaren küzüña batek saldü züan etxaltea, lürrak eta artegia, eta instalatzeko erosi nütüan. Instalatü nizalarik ene ama elki zen GAECetik eta “conjoint collaborateur” jarri, ni GAECan sartzeko aitarekin.
Nolako etxaldea duzue?
Etxaltean 70 hektar dütügü, horietan 40 hektar soro eta 30 bazkagia. Ez dügü artorik egiten, dena soroa da. Ardi eznadünak dütügu, 300 bürü beltz axuriekin, eta 40 bat behi, 25 bat ernari urte oroz. Bortüalat ebilten gira ardiekin maiatz ondarretik setemer undarrila artino, Iratin, Harsüdürraren gibelean. Behiak gure etxalte batetarat eramaiten dütügu Ahüzki ondoan, bena bortüa bezala da guretako, eta han egoiten dira maiatz lehenetik azaro ondarrilat.
Kontrolan gira, 250 ardi ertarazten dütügu, eta horietan 200 inzeminatzen dütüt maiatz 20a üngürüan. Arramaiatz lehenean denak gainean dira, axuriak eta bildotsak lehen joanik, eta jeistekoak antzüazirik. Ekografiak agorrilaren 20an egiten dütügu eta hortik landa inzeminazionea hartü direnek setemer lehenean iraisten dütügu. Besteak berantago.
Eritasunak, idortea, ur eskasa… Sasoi bitxia izan da bortuan?
Gure aldetik ez dügü hur eraman behar izan erreka bat beitügü. Badira erreka ttipiak gainean bena üda hontan ez zen kasik hurrik, agortzen beitira, eta aurten ere bai goizik. Ardiek lo egiten düen aldepian bada hur apür bat ere bena ez da “captage” delakorik eta hur apür hori dena gal-tzen da iaustean. Bada lan hur ukeiteko güne hortan. Mementoan ez düt ideiarik zer kanbiatü behar den, troparen nünbrea kanbiatü ala ez. Aurtenko bazka apürrago izanik ere, kabaleak ontsa egon dira. Ikusiko da nola eginen den beste urteetan. Soroetan balizate ikertzeko: zer belhar mota, ez hainbeste hur beharrarekin. Pentsatzekoa da, bena lehenik hura bortüan segürtatzea da inportanteena.
Eritarzünetan bardin da. Ez niz sistematikoki txertatzen ari, bena halere lotsarazten dü ardiak hiltzen badira. Gure lansaria apürtzen da, kasü eman behar da. Ene ideian immünitatea natüralki egiten da kabaletan, bena lüze izaten ahal da, ez da aisa.
Salmentan nola antolatzen zarete?
Instalatü nizalarik, orai düala 10 urte, ez düt deüsere kanbiatü. Ez dügü batere salmenta xüxenik egiten. Hori bürrasoen haütüa zen. Laket niz ene erritmoan eta kanpoko aizinartetan aritzeko. Enetako denbora ükeitea eta lanean ez denbora haboro igaraitea da ene ideia. Axuria Mauleko koperatibarekin ari gira bildotsekin, eznea Chaumes-ri saltzen eta behietan hasi niz biga gizentarazten Axuriari saltzeko. Inportantea da hebenko koperatiba eta Mauleko hiltegiarekin lan egitea. Salmenta xüxena interesanta atzamaiten düt bena enetako lan oren hanitx da eta nik maite düdana da hazkuntza.
Urte baten bürüan amak erretreta badü, eta nihau izanen niz. Ageriko nola antolatüko nizan.
Zer lotura duzu buru beltza arrazari?
Bürü Beltzako administrazio kontseilüan niz kasik hatsarretik, arrazari zinez lotürika beiniz. Etxean betidanik bürü beltzak izan dira. Enetako ez zen ideiarik arrazaz kanbiatzeko. Ezne gütiago egiten dü hori segür, bena maite dütüt.
Bürü Beltzako alkartean ari gira lantzen gazna bat bürü beltz eznearekin baizik. Hanitxek bürü beltzekin gaznatzen düe etxen, bena badira ni bezalakoak ez dütenek egiten denbora sobera beita, edo ez beitüe inbestitü nahi fabrikazione gela batetan, edo ez beitira aski jente etxaltean. Heltzen niz bizitzera hori egin gabe bena segür merexitü düala hobeki balorizatzea. Horrentako, Bürü Beltzan “cahier des charges” bat lantzen dügü. AOCtik partitü gira, eta %100 bürü beltzean izatez, ezne gordinarekin eta hiru hilabete bortxaz bortüalat joaitea ardiekin. Hori izigarri inportantea da enetako, bürü beltzekin bortüalat joaitea.
Ardi bürü beltza haboro ebilten da belharraren txerkatzeko, sartzen da güne apal eta gaixtoetarat, hobeki balorizatzen du bere “rusticité” delakoarekin. Bürü Beltzan hori da gure helbürüa, heltzea gazna horren egitea, ezne litroaren hobeki pakatzeko. Eta gero arrazaren eta bortükaren promozionea lantzen dügü eta bortüko sistemak süstengatzen.
Hortako Bortükako Besta antolatzen dügü, Xiberoko sindikatarekin, Axuriarekin, denak alkarrekin. Bi urtetarik, ardiak iatsarazten dütügü Ligin, Axuriak bortüko hamar behi gizentazirik presentatzen dütü egün hartan, hots bortükaren promozionea egiten dügü.
« Bürü Beltzako administrazio kontseilüan niz kasik hatsarretik, arrazari zinez lotürika beiniz. Etxean betidanik bürü beltzak izan dira. »
Bettan Aguer
Antolaketa anitzetan ibiltzen zira. Zer toki ematen duzu lan kolektiboari?
Izigarri laket niz kolektiboan. Gaüza hanitx ekartzen deit jenteekin elestatzea. Kolektiboan gaüza hanitx ikasten dira, jente ezagützeko, alkar lagüntzeko, eta ikusteko manera diferentak aipatzeko hanitxen artean. Ber gaüza da kültüran. Ari niz dantzan, kantüan, kirolan. Jenteak maite dütüt eta gaüza hanitx ekartzen dütü kolektiboak. Bortxaz aiseago da jente habororekin gaüzak egitea, eta bortüa, Xiberoa, bizi egonarazteko eta laborantxa begiratzeko.
