Prentsagiria
DNC : MASAKREARI STOP!

ELBko deiari erantzunik, 100 bat laborari mobilizatu dira goiz huntan Donapaleuko jendarmeriaren aitzinean “ABATTAGE TOTAL, RÉPRESSION POLICIÈRE : L’ÉTAT VIOLENTE LES PAYSAN.NES ! DNC : MASAKREARI STOP” banderola batekin, estatuak DNCri buruz eramaiten duen politika bidegabea salatzeko. Ondotik, jende lerroa oinez joan da Paueko « Chambre d’Agriculture »-aren antenari buruz, nun ELB-ko militanteek odola ixuri duten, eta behi hil bat gorriz marraztu, gure hazkuntza eta gure ofizioaren heriotzea sinbolizatzeko.
Abenduaren 2an, asteartea, 82 behi hil dituzteDoubs herrialdean, Pouilley-Français herrian kasu positibo bakar bat atxeman ondotik, nahiz eta 500 laborari baino gehiago mobilizatu diren Lhomme familiaren sustengatzeko. Biharamunean, Oriental-Pirinioetan, 42 behi ere hil dituzte. Uztailaz geroztik, kasik 3.000 abere hil dituzte 100 etxaldeetan. Sanitario politika hau onartezina da: gure kabala sanoen masakrea berehala gelditu behar du!
Joan den asteartean Doubs-en izan zen mobilizazioan, poliziak operazio azkarra eraman du etxaldean. Gasa, LBD tiroak, laborarien interpelazio bortitzak, sare sozialetan eta hedabideetan agertu dira ainitz argazki eta bideo,jendetasunik gabeko polizia errepresio horren lekuko. Estatuaren indarkeria oroz gainekoa da. Gertakari zientifikoak, hazleak eta herritarrak mespretsatuz, Estatua politika autoritario, bidegabe eta ez- eraginkor batean tematzen da, txertatuak eta immunizatuak diren tropak itsuak bezala hiltzea erabakiz.
ELBk metodo onartezin horiek kondenatzen ditu, hazleek heien bizitza osoko lana destruitua ikusten dutelarik. Abere osasuntsuak eta txertatuak hiltzeko protokolo hau berehala gelditzea eskatzen dugu. Beste politika sanitario bat posible da!
Duela bi aste, Biarnoko Confédération Paysanne sindikatuak proposatzen zuen «chambre d’agriculture »aren bozka sezioan, hilketa osoaren kontrako mozio bat. FDSEA eta JA sindikatu gehiengoek kontra bozkatu dute. Erran nahi du beraz onartzen dituztela metodo desohorengarri horiek ! CR sindikatua abstenitu da. « A quand une Chambre qui défends les éleveur.ses ? » galdetu dute ELB-ko laborariek bigarren banderola batekin.
ELBk eta Confédération Paysanne sindikatuek galdegiten dute:
– A kategorian sailkatua den eritasun hau desklasifikatzea Europako araudiaren arabera, hiltze partziala eta txertaketa segurtatzeko.
– Hilketa sistematikoaren baztertzea.
– Txertatzea zabala eta denentzat eskuragarria.
