Errigora
“Eskutik eskura
egiten dugu herria”

Cette année, la 24ème Korrika rend hommage à Errigora,
l’initiative citoyenne de Navarre qui se déroule du 26 février au 18 mars.
“Eskutik eskura egiten dugu herria”. Hau da aurtengo Errigoraren leloa, otsailaren 26tik martxoaren 18a arte iraganen den kanpaina. Nafarroa hegoaldea eta erdialdean kokatzen den ekimen herritarrak laborantza produktuak ekoizten eta banatzen ditu Euskal Herri osoan. “Euskara ofiziala ez den zonaldean” baita, lana eramaiten du ere euskararen baliatzea oinarritzeko bere lanean. Aurten orduan, edizio berezia izanen da Errigorarendako, 24. Korrikak omentzen baitu.
Herri bat egin
“Oso argi dugu nola, hizkuntzaren bitartez, herria egiten dugun. Errigoran, uste dugu elikaduraren bitartez ere herria egiten ahal dela. Kontsumitzaileen hautuek sekulako inpaktua baitute eta orduan kontsumitzaileak ahalduntzea nahi ditugu” dio Adriana Urmeneta-k, Errigorako langilea.
Lehen sektorea egoera larrian bada lurralde gehienetan, Nafarroaren laborantza herrikoi eredua ere zailtasunean da, bereziki pairatzen ari den laborari kopuru apaltze larriagatik. “Arazo anitz ukanen ditugu transmisio eskasatik” komentatzen du langileak. “Errigoraren eta beste eragile anitzen arabera, lanketa bat egin beharko da erronka horri laster erantzuteko. Horren parte dira ere jendeen kontsumo hautuak.” Ondorioz, horrelako iniziatibek herritarren jendegabetzearen kontrako mugimendu bat sortzen dute, tokiko herritarrak laborantzari lotzen ahal direlako. “Jendea herrian gelditzen da lana baldin bada, eta kasu askotan, Errigoraren bitartez sortu da lana.”
2022an egin zen ikerketa batek erakutsi du Nafarroan ekoizten den olio ekologikoaren %11a Errigoraren bitartez banatu zela, eta txitxirio biologikoen kasuan %65a. Errigoraren eskaintzaren gibelean, 900 laborari baino gehiagorekin, kanpaina horrek Nafarroan gaindi erronka anitzei erantzuten die.
Erronkei erantzun
“Kanpaina horretan merkatuaren logikatik ihes egin nahi dugu eta kontsumitzaileak ekoiztetxeetaz hurbildu, bitartekari espekulatzaile gabeko harreman bat eginez” esplikatzen digu Adriana Urmeneta-k. Euskal Herri osoa biltzen duen proiektu horrek elikadura burujabetza ardatz gisa, Errigorak lau balore bereziki aitzinera ekartzen ditu. Alabaina, saskietan diren produktu guziek balio horiek bete behar dituzte: ekoizleek auzolanetan parte hartu behar dute; bai prezioetan bai kalitatean, laborariekiko harreman justua segurtatu behar da; produktuen osagai nagusia Nafarroa hegoaldea eta erdialdekoa izan behar da; produktu guziak euskaraz etiketatuak izan behar dira, bai eta ere ekoiztetxeetan euskara plan bat izan behar da.
Gaur egun laborantzak parean dituen erronkak anitzak badira, handienetariko bat klima aldaketa da. Horretan, Nafarroak -bereziki hegoaldeko zonaldeetan- ez ditu arazo horiek saihesten. Aurten, kanpainak biper guti proposatuko du. “Lehenik euriagatik berant landatu ziren eta gero biperrak hazteko ura behar izan zelarik euririk ez zuen egin.” Baina ekoizteko gorabeherak aurrikusteko, sareak ekoizleekin zuzeneko komunikazioa bermatzen du eta ekoizpenak egokitzen ditu urte batetik bestera. “Lehen beti agortzen zelako irrisa, aurten askoz gehiago landatu dugu eta uzta ona egon da” dio Errigorako langileak.
« Oso argi dugu nola, hizkuntzaren bitartez, herria egiten dugun. Errigoran, uste dugu elikaduraren bitartez ere herria egiten ahal dela.”
Adriana Urmeneta
Hizkuntzari lotu
Lau baloreetan hizkuntza lehenetsiz, euskarak toki garrantzitsua badu kanpainaren baitan eta ekoizten diren tokietan. Aspalditik linguistikoki zapaldua izan den zonaldean, Errigorak AEK bidelagun gisa ukan du betidanik. Horrela, udazkenean bigarren kanpaina bat eramaten du eta euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua egiten dio saski bakoitzaren balioaren %25a emanez. Hori omendu nahi izan du aurten 24. Korrikak. “Korrikaren omena sekulako ohorea da guretzat. Azkenean, beti elkarlanean izan gira, beraz errekonozimendu hori jasotzea guretzako harrotasun handia da” komentatzen du Urmeneta-k.
Errigora marrazkitan
Kanpainaren hastapenarekin eta Korrikaren bezperan, Errigorak ekitaldiak biderkatzen ditu bere istoria ezagutarazteko. Iparraldean, Asisko-k aurkezpen marrazkitua emanen du martxoaren 16an, Donapaleun, Touzaa gelan. Asmoa: Errigoraren helburuak azaltzea modu dibertigarrian eta produktuen jastaketa proposatzea.

