Gipuzkoa
“Funtzio sozial bat betetzen dugu”

Le syndicat paysan Baserritar Bilgunea s’est créé en Gipuzkoa,
promouvant l’agroécologie et la souveraineté alimentaire.
.
Nor zarete?
Lur Pagoaga Zaloña naiz, artzaina 150 bururekin Aretxabaletan eta Baserritar Bilguneko kidea. Ekologikoan ari naiz, udan mendira igortzen ditut ardiak eta esne osoa gasnatzen dut. Nerea Arrizabalaga naiz, baratzezaina Itziaren. Ahizparekin 40 bat barietate ekoizten dugu negutegian eta aire librean, gehien bat zuzenean kontsumo talde eta denda ttipietan salduz.
Josetxo Lucas dugu gurekin ere, bere etxaldean girelako gaur, Lezon.
Nola sortu duzue Baserritar Bilgunea?
L.: Duela orain hiru urte biltzen hasi ginen zazpi lagunen artean. Gehienak Biolur Gipuzkoa elkarteko kideak gira eta hortik sortu zen hausnarketa talde bat, ezikusiak edo gure asmoak ez zirela beteak ikusten baitzen beste guneetan. Eztabaidak egin eta azkenean iaz erabaki genuen Baserritar Bilgunea sortzea. Gaur egun 40 bat kide gira.
N.: Sindikatu bat sortzea hasieratik posibilitate bezala ikusi genuen. Karga burokratikoa gero eta handiagoa, soldata duinak ezin lortu, lan zama haundia eta horren konpentsaziorik ez ikustea… Egonezin bat bazen eta hortik han animatu ginen talde bat elkartzera. Ez genuelako beste biderik inon salatzeko edo gizartea informatzeko, ahots ozenena zuten baserritar ohiez kanpo, nahiz eta gure irudia edo gure lan egiteko modua askoz erabilia den. Ezagutzen ginuen salatzeko bidea sindikatuarena baitzen, biltzen segitu genuen gure printzipioak emaiteko, gure lan ildoak eta lehentasunak bermatzeko.
Eta horiek zein dira?
N.: Gure leloa “Baserri iraunkorrak, bizitza duina” da. Baserri iraunkorrak behar ditugu inguruarentzako. Horrentzat lan egiteko moduak jasangarriak izan behar dira ekonomikoki eta sozialki, gure lana bizigarria eta duina izan dadin.
L.: Parean burokrazioa erraldoia eskatzen da baserri ttipiei industria haundiei bezala. Ttipitasun hori eta agroekologia administraziotik oztopatua dira. Orduan gure lan egiteko moduak sindikatu batetik beti azkarragoak egiten dira.
Zer begi emaiten duzue gaur egungo kontestuari?
N.: Mercosur akordioaren inguruan kokatuz, hetsi genuen Irungo errepidea, Pasaiako portutik datorren merkantzia asko handik pasatzen baita. Gaur egun produktu ainitz sartzen da kanpotik, akordioekin haien baldintza ekonomikoak hobeagoak dira eta laborariendako oraino zailago izanen da. Etxalde ttipiak aipatzen direlarik, zein da ttipia, hori betiko eztabaida da, baina lan egiteko modu bat da. Azkenean, inguruko baliabideekin, gutienik kanpotik sartzea, langile kopurua, mekanizazio maila… Horiek dira begiratzen. Gipuzkoan behintzat, ikusten dugu baserritarrek sekulako traktoreak dituztela, bakoitzak berea, eta baliabide horiek erabilgarriagoak litezke beste antolakuntza batekin. Baina administrazioak du hori dena bultzatzen: ttipiak gutiago lagunduak dira eta haundiak askoz hobeki ikusiak.
L.: Gipuzkoan etxalde guziak kondutan hartuz etxalde oso guti dira, industria lurralde bat baita. Etxalde ttipiak eta agroekologian diren etxaldeak oraino gutiago dira. Bestalde, erronka nagusietako bat errelebo falta da.
Eta lur eskasa?
N.: Gure lurraldea aipatzen delarik, Gipuzkoan batez ere, geografiak ez du laguntzen. Guzia oso maldartsua da eta laborantzarako erabiltzen ahal diren lur gehienak industriak hartu ditu. Lan bat eraman behar ginuke jakiteko zenbat lur galtzen diren, eraikigarriak bilakatzen direnak industriarako.
L.: Hemen ez dago Safer bat bezala lurrak zaintzen. Lur banku bat bada, publikoa dena, baina ez da funtzionatzen. Lur onak banku horri eskainiak direlarik ia badakite nori izanen diren, baserritar handiei eskaintzen die eta gelditzen direnak lur ttipiegiak dira, maldatsuak eta zailak lantzeko. Guk salatu genezake eta gaia landu baina azkenean administrazioak ez badu eskutan hartzen ez da ezer aldatuko.
“Gure lan egiteko moduak jasangarriak izan behar dira ekonomikoki eta sozialki, gure lana bizigarria eta duina izan dadin. »
Nerea Arrizabalaga
Nola antolatzen zarete Bilgunean?
N.: Sindikatutik landu nahi ditugu amankomunean ditugun arazoak orokorrean. Nahiz eta aktualitatearen arabera gauzak gertatzen diren, adibidez, abeltzainentzat txertoa ala ez, edo baratzezaintzentzat zailtasuna gaur egun landare ekologikoak hurbil atxemaiteko. Arazo hori Iparraldekoekin hasi gira lantzen.
L.: Gero baratzezainen eta artzainen arteko diferentzia diru-laguntzetan da, gaitzeko diferentzia dagoelako. Baratzezainei diru laguntzarik ez diete emaiten eta abeltzainentzat dena hektareari lotua da. Oso gaizki banatua da.
N.: Arlo guzietako kideak ditugu, saila guziak errepresentatua baitira. Kide laguntzaileak baditugu ere, gure lan egiteko modua babesten duten herritar horrentzako xoko hori eskainia da. Askotan lan karga handia dugunez eta ez jakintasuna ere batzuetan, laguntza ekartzen digute, adibidez komunikazio arloan, guk ikas dezagun ere bai.
L.: Osatu ditugu hiru azpi-talde: talde politikoa, gure norabidea emango diguna, ekintza taldea, protestak eta sortuko diren mobilizazioak eramaiteko, eta komunikazio talde bat jendeari helarazteko gure lana. Talde motorea hamabostean behin biltzen da eta taldeka hilabetean behin. Ari gira bidea egiten polliki eta lekua hartzen. Funtzio sozial bat betetzen dugu azkenean, sanoki jendea elikatzea.
