Irulegi
“Produktua bururaino eraman nahi nuen”

Joanes Haritschelhar est vigneron à Irulegi.
Reprenant les vignes de sa mère, il est passé en biologique et a créé sa ferme, Amama etxaldea.
Nor zira?
Joanes Haritschelhar naiz, mahastizaina Irulegin. 2022an Amama etxaldea sortu nuen. Aitak ardiak bazituen eta amak laguntzen zuen. 1995 urtean, Lurzaindiaren proiektu bati esker (garaian GFAM Lurra) Mentako lurretan mahastizain berriak instalatu ziren eta ene ama haietarik bat zen. Mahastia landu zuen eta nik hortan gustua hartu nuen. BTS bat egin nuen mahastigintzan Bordelen eta Saint-Emilion aldean sasoi bat egin, beste bat Txilen. Zazpi urtez sotozain izan naiz ere koperatiban, Baigorrin. Amak erretreta hartzerakoan, ene proiektua muntatu dut.
Garaian, mahatsa koperatibari sal-tzen zuen. Nik ene arnoa egin nahi nuen, produktua bururaino eraman, orduan instalatu nintzen eta segidan laborantxa biologikora pasatu nintzen. Ez baiginuen bastimendurik etxaldean, hiru urtez egin dut arnoa garaje batean Baigorrin. Hiru urteren buruan, salmentak hasita eta lekuan jarrita, iaz, mahats biltzeak aitzin, bastimendua eraiki dut mahastien ondoan. Hor dena bada: sotoa arnotzeko, beste parte bat botoilen-tzat eta hirugarren partea traktorea eta mahastiko makinentzat.
Nolakoak dituzu mahastiak?
Hiru hektarea ditut produkzioan eta heldu den urtetik goiti hektarea erdi bat gehiago sartuko da produkzioan, duela hiru urte landatu nuena. Mahastiak hiru lur sailetan banatuak ditut: bi hemen Mentan, bat beltza eta bestea xuria, eta Anhauzen beste lur sail bat. Irulegiko sormarkako mahats motak dira. Beltzarentzat Bordalesa, Axeria eta Axeri haundia. Xuriarentzat Izkiriota lodia eta Izkiriota ttipia. Arnoak lur sailka egiten ditut, orduan lur sail bakoitzak arno bat ematen du, mahatsa nundik heldu den araberan. Nahi nuen arno bakoitzak leku bat adieraztea, leku bakoitzaren erakusleihoa izan dadila. Arno naturalak ere egiten ditut, gehigarririk gabe.
Arnoetan, baditut bi beltz (Egu eta Iluni) eta xuri bat (Zain). Gorri bat burbuilekin egiten dut ere (Zart), lehenengo metodoa erabiliz (“méthode ancestrale” delakoa). Mahastiak sormarkan dira baina metodo hori ez baita sormarkan sar-tzen, ez dut Irulegi izenarekin saltzen. Badut helburu gisa heldu den urtetik goiti bigarren xuri bat egitea landu dudan mahasti berriarekin ekoiztua.
Zer da lehenengo metodo hori?
Horren printzipioa da irakite denboran botoilatzen dugula, irakitea bukatu aitzin. Botoila hetsi eta barnean bukatzen du irakitzen. Horrek burbuilak sortzen ditu. Gogoa nuen horrelako arnoak egiteko horrelakoak edaten baititut, eta beste mahastizainei kontseiluak galdeginez protokolo bat plantan ezarri nuen ekoizteko.
Nola antolatzen zira urtean zehar?
Langile bat hartu dut denbora erdi bat baino gutiagorentzat mahastian laguntzeko eta ene aitamek laguntzen naute merkatuan. Bestenaz, nik dut dena egiten, mahastian, salmentan, administratiboan… CUMArekin ainitz lan egiten dut ere, mahastian behar baita material ainitz. Horrek permititzen du materiala partekatzea erosi gabe.
Bestalde, ainitz trukatzen dugu mahastizainen artean, sasoinen arabera, primaderan “mildiou”a badelarik zer tratamendu egin behar den jakiteko, noiz, eta arnoa egitean elkarrekin jastatzen dugu.
Eta nola saltzen duzu?
Gehien bat saltzen dut Ipar Euskal Herrian, sotoetan, dendetan eta ostatuetan. Pixka bat Bordele eta Tolosa inguruetan saltzen dut ere banatzaile baten bitartez. Hegoaldean, Biba Ardoak bidez banatzen dut nire ekoizpena. Aurten, hasi naiz ere merkatuak egiten, Donibane Garazin eta uda huntan Bidarten.
Hastapeneko ideia profesionalekin aritzea zen, baina garaia aski kritikoa da arnoarentzat eta profesionalak aski uzkur dira. Horrela deliberatu dut salmenta zuzena gehiago garatzea eta aurten, soto berria baitut, toki gehiago eman nahi nuke salmenta zuzenari.
« Lanbidearen zailtasuna da ez dugula segurtasunik, izan eguraldiaren edo komertzioaren aldetik. Baina lan polita da. »
Joanes Haritschelhar
Arnoa gutiago edaten da, klima aldatzen da… Hainbat desafio ekoizpenarentzat.
Arno gutiago edaten da hori segur. Halere, nahiz eta ez den usu edaten, botoila on bat irekitzen da edaten delarik. Guk mahastizain eredu osasuntsua dugu, biologikoan, Irulegi sormarkan orokorrean etxalde ttipiak gira. Alde hortarik uste dut bide onean girela.
Klima aldaketa aldiz ezin da gehiago ukatzen ahal. Hasi nintzenez geroz beti arazo klimatikoak ukan ditut eta mahastietan lehen urteak biziki konplikatuak ziren. Uzta ttipiak, harria, horma, idortea, euri ainitz eta mildiou presioa ere… Biziki zaila da horren kudeatzea. Lanbidearen zailtasuna da ez dugula sekulan segurtasunik, izan eguraldiaren edo komertzioaren aldetik. Hori da pizua lan horretan, baina lan polita da ere. Aurten, udaberri goxo bat pasatzen dugu eritasunik gabe, nahiz eta ixtante hasiko giren beste zerbait erraiten, euri eskasa hasten baita.
