Laborarien Xokoa
“Janari ona ekartzen dugu Baionako bestetarat”

Laborarien Xokoa, le Comptoir Paysan, est l’occasion pour les paysan·nes d’ELB
de proposer leurs produits fermiers aux fêtes de Baiona.
Nola sortu da Laborarien Xokoa?
Maritxu Lopepe: Sortu da duela hamar bat urte orain. Baionako Herriko etxeak zuen deialdi bat ideki, Baionako bestetan janari ona eta lekukoa izaitea nahi baitzuen. Ordu artio, Baionako bestak bazuten holako fama bat, biziki gaizki jaten zela eta biziki kario, eta nahi zuten horri buruz zeit hobetu. Hortako deialdi bat ideki zuten janari ona, lekukoa eta xutik jaten zena, ostatuer ez konkurentzia egiteko. Deialdi horri erantzun ginuen, eta desafio handia izan zen. Ez ginakien norat ari ginen, baina entseatu ginen eta hola partitu zen.
Nola antolatzen da?
Émilie Dubois: Ideia da janari ona proposatzea Baionako bestetan. Baionarat ekartzea janari hori, laborarien kalitatezko produktuekin egina. Hastapenean, pentsatu ginuen zer ekarri eta nola. Hasi ginen beraz burgerrekin, arroltze moletak, axoa, tomateak, entseladak… Eta pixkanak muntatu dugu saltzen duguna gaur egun bestetan.
Muntatu ditugu ere txandak, behar baikinituen jendeak lanean hartzeko. Hastapenean hasi ginen laborariekin, egunka eskualde bat. Lehenbiziko urteetan laborariak ziren bakarrik, eta fite ikusi ginuen ezin zela bakarrik laborariak, jendea falta baitzen, eta deialdia egin ginuen laguntzaileer. Orduan orain 80 pertsona inguru gira egunero lanean hartzeko.
Aukera da zuen tokiko ekoizpenak agerian ezartzeko.
É.D.: Helburua zen gure laborantza kostaldean erakustea; nola bizi giren, gure ekoizpenak ekartzea eta erakutsi Baionako bestetan kalitatezko produktuekin jatea posible zela. 50 bat etxalde gira eta lehentasuna laborariei emana da, eta gero koperatibak badira ere. Dena egiten dugu laborarien mozkinekin eta segur da hori nahi dugula ekarri Baionako bestetan.
Plazerra hartzen duzue hortan? Hamar urtez gertatu dira bai hainbat anekdotak!
M.L.: Ez dira denak kontatzen ahal baina egia da abiatzean desafio handi bat zela. Ez ginakien batere zonbat kantitate behar ziren, orduan abiatu gira errexki kozinatzen ahal ziren produktuekin. Jakinez gure xedeetarik bat dela han kozinatua izaitea freskoan. Lehen urtetik animaleko harrera ona ukan dugu eta guk pentsatu ginituen kantitateak, zonbeit gauzetan, lehen egunean kasik janak ziren, bost egunekoak pentsatuak zirenak. Lehen urte hori izan da ekilibrista lan bat. Atsetan ari ginen laborariei deika, biharamunean ekartzen ahal zutenez axoa edo gasna gehiago, eta gauetan ere errepostua emaiten zuten biharamuneko. Izan da hor animaleko elkartasun gertakari bat.
Oro har laborariek biziki esperientzia ona pasatzen dute Baionan. Orain menturaz batzuk akitzen hasi dira, baina lehen urtetik hori kausitu dugu: Laborarien Xokoko jendea, ELBko jendea, ikaragarria delako eta hor prest lanean aritzeko. Laborariak usatuak dira jadanik lanari eta gai dira zernahi gauza egiten ikusten baitute lana. Lehen urte hortan, falta ginuen guzitik, ez dugu kasik deuse faltan ukan, nahiz eta dena bilduz azken mementoan, denek beren eskukaldia eman baitute.
Zer toki badu gertakari hori ELBko dinamikan?
M.L.: Egia da badirela batzuk ELBri orenak emaiteko prest direnak
bakarrik Baionako bestentzat, eta ez da guti, nahiz eta baden egiteko urtean zehar ere. Hor elgar atxemaiten dute. Eskualdeka izanki bada denbora elgar ikusteko, mintzatzeko. Memento hori preziatzen dute jendeek, eta baldintzak ez badira beti goxoak bero baita, lana baita, halere lehen urtetako jende kopurua beti bada. Batzuetan haurrek hartzen dute segida, baina jastatu duenak segitzen du. Memento sozial hori inportanta da. Kanpoari buruz ere inportanta da gure proiektu politikoa ekartzen baitugu. Desafioa zen erakustea Baionako bestetan posible zela hori egitea, gure etxaldeetako gauzekin. Erakusten dugu ere etxaldeetako produkzioen aniztasuna; ez gira bakarrik gasna egileak, bada hor karta aberats baten egitekoa eta dena gure etxaldeetarik heldu da. Jendea fier da zerbitzatzen ari delarik erraitea: hara, hori da gure laborantxa, eta ontsa janen duzie. Jendea beti kontent da eta hori ere memento horren parte bat da.
« Jendea fier da zerbitzatzen ari delarik erraitea: hara, hori da gure laborantxa, eta ontsa jaten duzie. »
Maritxu Lopepe
