Prentsagiria – ELB
Prefetak ELB deabrutu nahi du!

Ainiza, 2026-03-13
Gaur goizean, Paueko Laborantza Ganbararen biltzarran, Jean-Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefetak manipulazio ariketa arriskutsu batean sartu da, ELB sindikatuaren aurka.
Testuingururik gabe, prefetak ELBren metodoak salatu ditu, gure sindikatua eta Coordination Rurale den sindikatua ber zakuan emanez, metodo “bortitzak” aipatuz. Jean-Marie Girierren arabera, ELBk zuen DDPPko Osasun zerbitzuko buruzagitzaren izena zuen hilkutxa bat DDPPren eraikinaren aitzinean pausatu. Ekintza horrekin ez dugu deus ikustekorik. Ez ginen ere ez ekintza horretan egon.
Horretaz gain, Estatuko ordezkariak adierazi duenez, jendarmeria bateko ataria sutan eman du ELBk. Edo prefeturako inteligentzia zerbitzuek, bai eta ELBko ekintzetara joaiten diren jendarmeek, oso ikusmen txarra dute; edo prefetak gertaerak manipulatzen ditu, albiste faltsuak zabalduz, ELB eta ordezkatzen dituen laborariak deabrutzeko. Estrategia onartezin hau gure demokraziaren egoeraren eta frantses Estatuaren ordezkarien seriotasunaren frogakezkagarria da!
Abenduan, ELBk elkarretaratze bat antolatzen zuen Donapaleuko jendarmeriaren aitzinean, Frantziako Estatuak Ariege lurraldeko laborari bati ekin zion bortizkeriak salatzeko. Ez dugu inoiz ere ataririk erre. Bere hitza hartzean, prefetak gure ekintzagatik jendarmeriaren barnean bizi diren familien esperientziak dramatizatu ditu. Gogora dezagun DNCren egoeraren biktimak laborariak direla, osasun politika bidegabe, eraginkor eta krudel hauen pean lan egin eta bizi behar baitute!
ELBk bere borroka segituko du laborariak defendatzeko eta hazkuntza modeloa atxikitzeko. Prefeturaren metodo mespretxagarriak salatzen ditugu.
