Iholdi
“Ttipidanik gasna egin nahi nuen”

Kattina Barberarena s’est installé en GAEC avec son frère Kaiet sur la ferme Landaia.
Elle y a créé l’atelier de transformation fromagère.
Presentatzen ahal zira?
Kattina Barberarena deitzen niz, 25 urte ditut. Ene anaiarekin GAECan Landaia etxaldean instalatu niz pasa den udan, ene aitaren segida hartuz. Baxoa Frantsesenia lizeoan pasatu dut eta BTSa laborantxan Donapaleun segitu dut. Ondotik, etxalde batzuetan lan egin dut baita ere Ossau-Irati sormarkan edo Ezpeletako biperrarentzat animatzaile izan niz. Artzaina izan niz ere eta gauza anitz egin ditut. Urte bat instalatu aitzin, berriz eskolara joan niz, Cantalera, Aurrilac-en gasna formakuntza egiteko.
Zer gehitu duzu etxaldean?
Tropa kopuru maila ez da aldatu. Baditugu 300 ardi, 8 behi, 13 zerrama eta 40 xerri kanpoan gizentarazten ditugu transformatzeko. Aldatu dena ardietan da: lehen bildotsak eta esne guzia saltzen ginuen. Instalatu naizelarik, gasnatze tailerra hasi dut eta orduan esne zati bat baizik dugu saltzen gaur egun. Aurten, 16.000 litro esne transformatzea dut helburu. Ossau-Irati gasna egiten dut, baita ere mamiak eta zemera. Hasi niz “camembert” moldean entseguak egiten ere.
Instalatzeko, parrainage bat egin nuen. Momentua izan da etxen gasnatzen entseatzeko. Laborantza Ganbarak algeco bat prestatu zidan obren denboran gasnategi gisa eta hori biziki baikorra zen testatzeko. Gasnategia jadanik genuen borda baten barnean eraiki dugu.
Eta nola antolatzen zirezte?
Ardiak elkarrekin jeizten ditugu. Astelehen, astearte eta asteazkenetan gasnatzen dut, beti esne freskoarekin. Ene anaiak anartean behietaz eta xerrietaz okupatzen da, zonbait kanpoko lan eta kontabilitatea egiten ditu ere. Arratsaldetan kanporat noa ardietaz okupatzeko. Hazkuntzan usu elkarrekin lanak egiten ditugu edo lana banatzen dugu. Aldiz, transformaketetan bakotxak bere tailerra badu: nire aldetik gasna, ene anaiaren aldetik haragi transformaketa. Horrela, bakotxa bere tailerraz nagusi da.
Nahi nuen absolutuki gasnatu instalatzean, baina bestenaz etxaldea zen bezala nahi ginuen oro har atxiki. Ez gira oraino biziki ongi antolatuak dena berria baita, baina halere ohartu gira lan ainitz ginuela. Ez dugu garatzeko gogoa baina pixka bat lasaiago aritzeko.
Nola saltzen duzu?
Jadanik gure produktuak saltzen genituen tokietan saltzen segitu dut. Horri parrainageko mementoan lortu ditudan Amap-ak gehitu ditut. Betidanik Amap-etan sartzeko gogoa nuen eta erretretara joaiten zen norbaiten segida hartzeko aukera izan dut.
Dibertsifikatzen niz gasnan gustatzen zaidalako gauza desberdinak egitea. Oraingoan, “camembert” horientzat, errezeta oraindik xerkatzen baitut eta beraz guti egiten baitut, ez du balio beste nunbait saltzeko tokirik xerkatzea. Helburua litzateke, gasna motak garatzen baditut, lehenik Amap-etan saltzea. Merkatuan astero eta Amap-etan hilabetero saltzea gustatzen zait, ber bezeroak ikusten baititut. Haiek erraiten dautate zer maitatu duten ala ez, eta horri esker hobetzen ahal niz. Inportantea da klienteekiko kontaktu hori.
Antolaketa mailan, ostiralero Donibane Lohizuneko merkatua egiten dugu, salbu neguan, eta udan bi hilabetez Bidarteko merkatuan gira. Denbora hartzen du, bereziki memento honetan nun oraindik gasnatzen dudan, baina gustatzen zait eta merkatuak partekatzen ditugu anaiarekin.
“Esne kalitate ona ukaiten saiatzen gira eta esne horrekin egiten dudan gasnaz kontent niz.”
Kattina Barberarena
Gasnatzea maite duzu?
Ttipidanik gasna egin nahi nuen. Ene amañik gasnatzen zuen eta nahiz ez dudan sekulan egiten ikusi, esplikatu zatan nola egiten zuen su bazterrean. Lizeoan sartu nintzelarik, nire lehen ikastaroa gasnatzen zuen etxalde batean egin nuen eta ene lehen gasna bakarrik egin nuen mendian. Biziki maitatu nuen, eskuz egitea, kobrezko tupin batean, eta hortik han ikastaro guziak gasna transformaketan egin nituen.
Aurrilac-en egin dudan gasna formakuntza biziki lagungarria izan da ere Ossau-Irati egiteko. Ikasi dudan toki eta molde guzietatik zerbait atxiki dut nire gasna egiteko: Biarnoan ikasi dudanarekin, nire nagusi guziekin baita ere formakuntzari esker. Orain, nire gasna nahasketa bat da ikasi dudan guziarekin.
Maite dut esnea eta gasna hunki-tzea. Joko bat bezala ikusten dut gasnatzen dudalarik. Esne kalitate ona ukaiten saiatzen gira eta esne horrekin egiten dudan gasnaz kontent niz.
Zer gogorekin instalatu zinen?
Ez nintzen beste nunbait ikusten. Ttipidanik ardiekin nintzen. Beste gauzak saiatu nituen, adibidez marelexekin etxaldeetara joan nin-tzen, baina hor nintzen ohartu zinez nahi nuela laborarixa izan. Ni izaitea troparen jabe, ardiak artatzea, kanpoan izaitea… Horrela segitu nahi dut, behar bada oraino denbora gehiago pasatuz ardiekin. Nahi nuke artzain esperientzia berriz ezarri ene tropan, niretzat inportantea baita nire kabaletaz hurbil sentitzea.
