Euskal Herria Zuzenean
“EHZk betidanik izan du xede zubiak eraikitzea”

Euskal Herria Zuzenean festibalak bere 30 urteak ospatzen ditu aurten,
Arberatzen, “Geroaren lehen notak” lemapean.
Zure burua aurkezten ahal duzu?
Aitor Servier Etxexuri naiz, festibaleko laguntzailea aspaldidanik, azken bi urteetan langilea ere bai eta Azkaindarra naiz eta Ziburun bizi naiz. Lizeoan hasi nintzen festibalera joaten, aski manera naturalean lagunekin motibatu ginen laguntzaile izateko. Guretzat urte bukaerako hitzordua zen, galdu ezin zena. Pixkanaka ardurak hartzen joan ginen proiektuan, geroz eta atxikimendu pertsonal, kolektibo eta politiko handiagoa sentitzen proiektuarekiko, eta gaur arte segitzen dugu.
EHZko 30 urteak dira aurten. Belaunaldiz belaunaldi ibili da festibala Euskal Herrian zehar.
Zer igurikatzen duzue aurtengo edizioaz?
Uste dugu aurtengo edizioa estakuru polita izaten ahal dela EHZk biltzen duen komunitate guzia Arberatzen elkartzeko. EHZren berezitasun nagusia da belaunaldiz belaunaldi egin den transmisio hori eta festibalari gisa, laguntzaile gisa, artista gisa, itzalean lagundu duten herritarren artean ere bai, hor bada komunitate biziki zabal bat, eta nahi genuke topaleku bat izan dadin berriz ere festibala guzientzat Arberatzen.
Liburu bat idatzi duzue, podkasta egin, filma duzue bidean ere bai; zer garrantzia du EHZko historia kontatzeak?
Festibalaren ibilbidea kontatzen dugularik, Ipar Euskal Herrian azken hiru hamarkadatan izan diren aldaketen berri ematen dugu. Festibala ez baita uharte bat, EHZn inplikatu diren belaunaldiak beti entseatu dira garai bakoitzean testuinguru politiko, sozial eta kulturalera egokitzen, beti gazteriaren beharrei erantzuteko eta Euskal Herriari hiru eguneko festibala autogestionatu ederra hau eskain-tzeko. Landu dugun proiektua osoa da: liburu batean, podkast batzuetan eta dokumental batean isladatzen dena eta uste dugu tresna hauekin parada ukaten ahal dugula batetik EHZren historia eta bere ondarea transmititzeko, eta bestetik proiektua ezagutarazteko jende berriaren artean.
Podkastean, kontatzen ditugu festibalaren historiako mugarri nagusi batzuk eta pasarte garrantzitsu horiek kontatuak dira bizi izan dituzten pertsonen ahotik. Era berean, iaz sartu genituen gure mikroak lagun-tzaileek egiten duten itzaleko lanean, janarian, brigada ubelean, zirkulazioan, etab, haien lekukotasunak ukaiteko. Liburua aldiz kazetaritza lan bat da eta begirada kronologiko batez landu dugu. Irakurleak barneratzen ahalko du liburuari esker festibalak nola bizirik iraun duen, garai bakoitzeko desafioei buru eginez, eta aipatzen dira momentu ederrak baina momentu ilunagoak ere bai. Objektu ederra da ere bai 100 argazki baino gehiago sartu baititugu bertan, festibalaren urte ainitzetakoak. Azkenik, dokumentalaren kasuan, iraganera so egin ordez, orainean zentratu gira. Grabatzen ari girena da, 30 urteko ondarea duen holako festibal bat, nola antolatzen duen gaur egungo gazte belaunaldiak. Antolatzaileen belaunaldiaren argazki bat da, ikusiz nola antolatzen den eta zoin zailtasun artistiko eta ekonomiko izaten ahal den holako festibal bat antolatzeko. Liburua eta podkastak atera dira, eta dokumentala heldu den larrazkenetik goiti ikusten ahalko da Ipar Euskal Herriko zinegeletan.
« Festibala beti Ipar Euskal Herriko barnealdean antolatu da eta ondorioz beti jo behar izan dugu laborariengana. »
Aitor Servier Etxexuri
Zer lotura du EHZk laborantxarekin?
Uste dut festibalaren hastapeneko filosofiara jotzen ahal dugula gai hau aipatzeko. Festibalaren sorreran oroitarazi behar da Piztu Lapurdiko gazte mugimendu bat bazela batetik, eta bestetik Irulegiko Irratia, Baxe Nafarroko erreferentziazko hedabidea. EHZk hastapenetik izan du xede zubiak eraikitzea, garai hartan barnekaldeko eta kostaldeko gazteen artean, gazte euskaldun eta ez euskaldunen artean, eta era berean bistan dena mundu urbano baten eta baserri munduaren artean.
Festibala sortu zelarik, laborantxa mundua jadanik hasia zen antolatzen, eta hastapenik laguntzailegoan funtsezkoa izan da laborarien ekarpena. Denek ikusi ditugu argazkiak, Arrosako plazatik festibalariak traktoreetan eramaiten zirela Sohatiako lurretara, irudi biziki indartsuak eta batasun horren erakusgarri izan daitezkeenak. Festibala beti Ipar Euskal Herriko barnealdean antolatu da eta ondorioz beti jo behar izan dugu laborariengana lurrak eskuratzeko, hektarea anitz behar baitira akanpalekua, kontzertuen lekua eta aparkalekua antolatzeko. EHZk beti izan du bere DNAn aurre egitea globalizazio kapitalistari, eta horren baitan tokiko produktuak sustengatzea egon da erdigunean. Hori ez bada egia lehen urteetatik, laborarien mundutik etorri ziren proposamenak eta festibalak balio izan zuen alternatiba horren erakusleiho izateko, hori sustatzeko. Zorionez, ikusten dugu nola gaur egun Ipar Euskal Herriko besta eremuan geroz eta gehiago toki duen tokiko elikadurak.
Zentzu horretan, EHZn entseatzen gira ahal bezainbat tokiko produktuak eskaintzen, leku bakoitzean, festibala tokiz aldatzen denez, berriz osatuz ekoizle eta laborarien sarea, bai laguntzaileen bai festibalariei eskaini ahal izateko kalitatezko mozkinak, bertakoak, prezio eskuragarrian publikoarentzat, baina aldi berean duinki pagatuz ekoizleak.
Eta ohituretan sartu baita, ezin da aipatu gabe utzi urtero igandez EHLGk antolatzen duen zikiroa. Hori funtsezko ohitura da festibalean. Jende aini-tzek hori itxoiten du eta igande giro familiar horretan ekarpena egiten du zikiro horrek ere. Elkarlan biziki polita dugu azken kasik 20 urteetan Laborantxa Ganbararekin.
