Makea
“Motibagarria da baina bada lan oraindik”

Miren Etxeberri et Miren Oillarburu sont maraîchères à Macaye. Elles produisent une quarantaine de variétés de légumes en bio.
Zein da zuen ibilbidea?
Miren Oillarburu: Betidanik tira ukan dut laborantxa munduari. Ikasketak agronomian egin ditut Toulousen eta Buru Beltza elkartean lan egin dut kasik bi urtez. Ondotik, parada ukan nuen ordezkapen baten egiteko Amaia Elichiry eta Clément Egearen etxaldean eta horrela baratzegintza ezagutu nuen. Lanean arituz biziki maitatu nuen eta paraleloki Mirenen ezagutza egin nuen.
Miren Etxeberri: Geografiako Master baten bidez ikastaro bat egin nuen EHKOlektiboarekin eta hainbat etxalde gogoa piztu zautatenak ezagutu nituen. Baratzegintzan sasoi bat egin nuen ere.
Maitatzetik plantatzera, nola zuen proiektua eraiki duzue?
M.E.: Lehenik bakoitzaren gogoeta luzea izan da. Buruan ginituen ahun-tzak, fruituak, arbolak… eta emeki-emeki baratzegintzan zentratu gira. EHLGko lehen hitzorduak desmartxa administratibo ainitz abiarazi ditu. Etxalde bisita ainitz egin ditugu ere instalatu aitzin.
M.O.: Gero lurrak berak erraiten dautzu proiektua nola izanen den. Administratiboki plantatu girelarik duela bi urte, 2024ko apirilan, ez ginuen oraindik lurrik iraila arte. Salmenta hasi dugu orduan 2025ko udaberrian.
M.E.: Lurrak etxetik hurbil nahi ginituen. Azkenean, xantza ukan dugu Makean plantatzea. Orotara 2.5 hektara baditugu zeinetan 1500m² negutegi barnean, lau handi elkarri kolatuak. Laborantxa biologikoan 40 bat barietate barazki ekoizten ditugu. Aurten marrubiak ere ukanen ditugu.
Nola antolatzen zirezte?
M.O.: Komertzializazioak du zure astea erritmatzen. Alde batetik Xixtroak kolektiboan gira, beraz ostegunetan biltzen eta saskiak banatzen ditugu. Bigarrenik gure saskiak asteartetan egiten ditugu, saski finkoak eta webgune baten bidez osatutakoak. Horiek Hazparnen, Itsasun, Luhuson eta etxaldetik banatzen ditugu. Eta profesionalekin ari gira ere, ostalari eta dendak. Helburua litzateke egin ahala zuzenean saltzea, baina hastapenean gure burua ezagutarazteko denbora eman dugunez, barazkiak ukan ditugularik profesionalak kontaktatu ditugu. Merkatu bat ere egiten dugu Angelun.
M.E.: Orain gibelapen pixka batekin, ohartu gira nola denbora irabazten ahal dugun eta nola errexten ahal dugun gure egunerokoa. Entseatzen gira tresna batzuk baliatzen, gauzak sistematizatzen, planning-ak egiten… Asteak antolatzeko eta denbora librea ukaiteko biziki lagungarria da. Erraiten da lan hori fisikoki biziki zaila dela, baina mentalaren karga aski harrigarria izan da lehen urtean ere. Ongi antolatzeak ainitz lagun-tzen du azkenean.
M.O.: Bai eta horrela ez dugu biek denari pentsatzen. Biek gauza berdinak maite ditugu, baina behar da zatitu. Jaz zozketan erabaki ziren egin nahi ez ginituen gauzak, adibidez komunikazioa, baina ikasten dugu maitatzen.
M.E.: Hori da bikaina lan hortan azkenean, mila lan desberdin dituzu. Urte horrek energia ainitz galdegin dauku horrentzat ere, trebatu eta ikasi behar baita gai ainitzetan, ez dituzunak baitezpada menperatzen, izan mekanika, eraikuntza, komunikazioa, administratiboa… Biziki zabala da, eta badugu oraindik ainitz ikasteko.
M.O.: Lagunduak izan gira ere, familia eta auzoengandik. Ez dugu tresneria lodirik eta auzoek lagundu gaituzte horrekin. Orain, autonomoagoak gira, baina beti inguruko norbait behar duzu laguntzeko.
“Ez dut pentsatzen kulpa eman behar zakonik bezeroari, baina baizik eta horren gibelean den sistemari”
Miren Etxeberri
Zer toki du sareak zuentzat?
M.E.: Beste instalatu berriekin segi-tzen dugu elkar laguntzen eta sustengatzen, ainitz estimatzen dugu hori.
M.O.: Gai batzuen inguruan beste baratzezainekin hitz egiten segitzen dugu eta harremana ona dugu. Ingurukoak deitu izan ditugu errexki. Segitzen dugu formatzen ere, BLE-rekin irrigazioaren gainean ala lurrari buruz adibidez.
M.E.: Formazioa beharrezkoa iduri-tzen zauku. Atzo AFOG-an nintzen eta badugu hor tresna bikaina. Azkenean, xantza bat da elkarte eta tresna ainitz baitira Euskal Herrian, aspalditik lagundu eta errextu daukutenek instalazioa.
M.O.: Halere baratzegintzan oraindik dena egitekoa da. Justu gure burua ezagutaraztea kriston lana da. Hortan beste hamar mila gai badira: klima aldaketa, ekonomikoki etxaldeak iraunarazi, langileak, biologikoan atxemaiten diren zailtasun guziak, edozein xixare edo eritasun. Ez da oraindik gauza handirik ardi sailari konparatuz adibidez. Motibagarria da nolazpait, baina bada lan oraindik. Lurra eskas da horrentzat edo zaila da atxemaiteko, eta parean biztanleria ikusiz, ekoizpenak ez du segitzen.
M.E.: Gero ez dut pentsatzen kulpa eman behar zakonik bezeroari, baina baizik eta horren gibelean den sistemari, zoinetan produkto guziak merkatuan lehian diren. Edozein pertsonak elikadura kalitatezko eta doako bat ukan behar luke eta ez bakotxaren moltsaren araberakoa.
Aholkurik ba ote duzue plantatu nahi duenarentzat?
M.E.: Inguratua izaitea erranen nuke eta ez dudatzea laguntza galdegiten deia instalatuak direnei. Pertsonalki biziki kontent naiz lagun batekin lan egitea. Gure lana maite dut, nahiz eta badituen zailtasun batzuk.
M.O.: Alde positibo ainitz baditu. Usu zaila dela azpimarratzen da baina ze kontent giren! Kuadro bikain bat badugu eta beti ikasten dugu.
