DNC
ERRESISTENTZIAREN KRONOLOGIA

Joan den abendutik, ELB borrokan da DNC kudeatzeko metodo onartezinak salatzeko.
Besteak beste, hiltze orokorraren kontra ari da.
Laborari munduaren aurkako erasoak ugaritzen ari dira, laborantza mobilizazioei kasurik eman gabe. Hiltze orokorraren protokoloa, EB-MERCOSUR hitzarmenaren izenpetzea: laborari ofizioa hondatua da politika inkoherente eta hiltzaileekin. Erasoaldiei aurre egiteko eta etxaldeak babesteko, laborarien erresistentzia antolatzen da. ELB sindikatua borrokan ari da DNC kudeatzeko metodo onartezin horiek salatzeko. “Politika sanitario hondagarri honen eta gure kabala osasuntsuen sarraskiaren kontra” presioa mantentzea erabaki dute laborariek. Laborarien despopulazioaren aitzinean, erresistentziaren kronologia egin da.
Urriaren 29an: topaketa suprefetarekin eta DDPPrekin (Herrien babeserako departamenduko zuzendaritza)
2025eko ekainaren 23an lehen DNC kasua agertu zenetik Frantzian, osasun egoera etengabe okertu da. ELBk alarma jo du mehatxuaren aitzinean. Prefetari bere kezkak eta lehen aldarrikapenak postaz helarazi ondoren, sindikatuko ordezkaritza bat suprefetarekin eta DDPPko zuzendariarekin bildu da Lohitzunen. Helburua: egoera ez pairatzeko administrazioa abisatu eta DNCren goratzearen aurrean berehalako aitzinamendu bat galdatzea.
“Beste osasun politika bat posible da: ez dugu onartuko DNCk gure etxalde bat hunkitu behar badu”
Julen Perez
2025eko abenduaren 4a: pindarra
Doubs eskualdean 82 behi hiltzearen ondotik eta hazleen kontrako errepresio bortitzaren ondorioz, Ipar Euskal Herriko laborariak asaldatuak dira. ELBk mobilizatzeko deia egiten du, lehenik Donapaleuko jendarmeriaren aitzinean, bortizkeriak salatzeko, eta gero Departamenduko Laborantza Ganberaren antenaren aitzinean, FDSEAk eta JAk mozio baten kontra bozkatu dutela salatzeko. “Noizko ganbara bat hazleak defendatzen dituena?” galdetu du sindikatuak.
Abenduaren 11a: gaueko mobilizazioa
Tentsioak goratzen dira. Ariège departamenduan, 208 behi hil dituzte eta poliziaren indarkeriak ez du aurrekaririk. “Doubs-en harritu ginen, Ariège-an zur eta lur geratu ginen”, dio Enguerrand Knecht Behi Taldeko kideak. Une berean, Pirinio-Altuetako beste etxalde batean DNC kasu berri bat berretsia zen, Pirinio Atlantikoetako 129 herri “eremu arautuan” kokatuz, baina Estatua tematzen da, nahiz eta eraginkortasunik gabeko protokoloa izan, eta kasu berriak sortzea ez duena gelditzen.
ELBren deiari erantzunez, 200 laborari baino gehiago mobilizatu dira berriz Donapaleuko jendarmeriaren aitzinean, lastozko botak erabiliz su bat piztuz, estatuak su eta odoletan jarritako lanbidearen sinboloa. Julen Perez sindikatuko bozeramaileak adierazi duenez, “beste osasun politika bat posible da: ez dugu onartuko DNCk gure etxalde bat hunkitu behar badu”.
Abenduaren 12an: txertatzea
Eritasunaren aitzinean, ELBk txertoaren eskuratze zabal eta laborariek beren tropak doan txertatzeko askatasunaren alde egin zuen, txertoa eremu batzuetan baizik eskuragarria zen bitartean. Prefeturak txertaketa masibo eta derrigorrezko bat ezarri du departamendu osoan abenduaren erdialdera. Helburua: behien % 75eko immunitatea lortzea etxalde % 95ean, kudeaketa sanitarioaren protokoloa berrikusteko baldintza. Bitartean, erabateko hiltzea beti plantan da, Damoklesen ezpata bat hazleen buru gainean bezala. ELBk guztien aukeratzeko askatasuna defendatzen badu, txertaketaren gaia garrantzitsua zen, estatuaren eta administrazioaren erradikaltasunaren aitzinean jokatu beharrekoa, hiltze orokorraren gelditzea negoziatzeko.
Abenduaren 13a: A64 autopistaren blokatzea
Laborari sindikatuen tonua gogortzen ari da. ELBk eta Coordination Rurale sindikatuak laborariei dei egiten diete A64 blokeatzeko Ahurtin, oraindik indarrean den hiltze protokoloaren aurkako borroka ikusarazteko. Herrietan, “MASAKREARI STOP” leloa gero eta ikusgarriagoa da eta herritarrak kontzientziatzen segitzen da.
Abenduaren 15a: prefetaren parean
ELB eta Biarnoko Laborari Konfederazioa Jean-Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefetarekin bildu dira Pauen. Prefekturako leihoen azpian, laborari talde bat mobilizatua da sindikatuen aldarrikapenak gorpuzteko. Trukearen helburua argia da, sindikatuek galdegiten dute:
– Hiltze orokorraren politika berehala bertan behera uztea,
– DNCa Europar Batasuneko eritasunen A kategoriatik kentzea,
– Esperimentazioa erakartzea etxaldeetara,
– Laguntza ekonomikoak eta laguntza psikologiko eta humanoa hazleentzat eta familientzat.
ELBk ohartarazi du: “mobilizatuak izaten segituko dugu eta presioa mantenduko dugu”.
Abenduaren 23a: ELBk blokatzeagelditzen du eta presioa mantentzen
Hamar egun autopista blokatzen ondoren, Ministerioaren azken iragarkiek ez dute inolako bilakaerarik erakusten sanitario estrategian.
Administrazioa egun batzuz geldirik egonen den bitartean, ELBk blokatzea uztea deliberatzen du, laborariak indarberritu daitezen eta mugiarazi ahal izan daitezen, etxalde batean hiltze orokorraren mehatxua agertzen bazen. “Gure etxaldeak ez hunki” abisatzen dute. Aldi berean, Behi Taldeak gutun bat igortzen dio prefetari, diru laguntza baten aitzinatzea eta plantan ezartzea eskatuz, txertaketaren ondorio ekonomikoak jasan beharko lituzketen etxaldeei laguntzeko. Txertaketaren bigarren mailako ondorioei dagokienez, zaintza erabatekoa da.
2026ko urtarrila: Urte hastapen nahasia
Txertaketa bete-betearen bitartean, EBko estatu kideek MERCOSUR akordioa onartzeak amorru handia sortzen du. Frantziako Estatuak eta Europak biderkatzen dituzte laborari munduaren kontrako erasoak. Urtarrilaren 12an, astelehenez, ELBk, Landesetako eta Biarnoko Laborari Konfederazioek eta Landesetako MODEFek sindikatu arteko mobilizazioa deitzen dute. Hogeita hamar bat traktorek eta 200 manifestatzailek trabatzen dituzte Maïsica enpresaren sartzeak Baionako portuan, “DNC – MERCOSUR: POLITIKA HILTZAILE HORIEK GELDITU” lelopean, berriki laborantzarako, ingurumenerako eta giza osasunerako politika arriskutsu eta suntsitzaileak metatu direla salatuz, agroindustriaren zerbitzuan. ELBko laborariek gogora ekarri dute Ipar Euskal Herriko 66 udalerrik manifestua sinatu dutela Europar Batasunaren historiako akordio polemikoenaren aurka, eta “MERCOSUR-tik kanpoko herria” zioen kartel bat lotu dutela herrien sartzeetan. 2026. urte berri honetarako, tonua eman da: “Ez dugu ezer utziko Estatuak etxaldeetanhiltze orokorra altxatu arte”.
Eta orain?
ELBko Behien Taldeak aktiboki segitzen ditu prefekturaren bilkurak, DNC eritasunaren bilakaerak eta osasun kudeaketa politikoari buruzko azken iragarkiak hurbiletik ezagutzeko eta segitzeko.
