Uste dut immunitatea lortzen eta indartzen ahal dela”

Cette image a un attribut alt vide ; le nom du fichier est xabi-argazkia.png

Xabi Harlouchet Ahatsan instalatua da behi esnadunekin.
DNC eritasunaren politika sanitarioa eta bere troparen txertatzea aipatzen dauku.

Zure etxaldea aurkezten ahal duzu?
GAECan plantatua naiz nire anaiarekin Ahatsan. Montbéliarde arrazako 25 esne-behi hazten ditugu 28 hektareako NAE batean, bi hilabete eta erdiz Egurgi bortuan transhumantzia sistema batekin. Esne ekoizpenaren erdia baino gehiago 25kg-ko pasta prentsatu egosi bihurtzen dugu, eta gasna ttipi batzuk zuzenean saltzen ditugu. Gure etxaldea laborantxa ekologikoan da eta Idoki laborantxa kalitate labelean kide gira.

Zergatik ELBko Behi Taldeko kide zira?
ELBko kidea naiz etxaldean plantatu nintzenetik. Gazte Taldearekin hasi nintzen, gero instalazio batzordea segitu nuen eta duela bi urte Behi Taldean sartu nintzen. Taldean kolektiboki egiten den urrats intelektual eta gogoeta guzia ere estimatzen dut. Beti pentsatu dut besteengandik ikasten dugula, eta horrek aukera ematen du hazleen artean ere aholku teknikoak emateko.

Nola bizi duzu egungo egoera sanitario hori?
Oldartu naiz Estatuak laborarien kontrako errepresio poliziala ikusita. Sare sozialetan zabaldu diren irudiek asko haserretu naute.
Abenduan txerto-gunean sartu ginenean, anaiarekin oso uzkur egon ginen. Gure etxean, erditzeak taldekatuak egiten dira, hau da, gure behiak irail hastapenetik urriaren bukaera arte erditzen dira. Beraz, abendua eta urtarrila garai delikatuak dira: azaroaren 20tik goiti intseminatzen ditugu, urtarrilean gure behi guziak ernari izan daitezen. Gure beldur nagusia zen txertoak gure behiak abortatuko zituela eta aitzinetik egindako lana deuseztatuko zuela ugaltzea lortzeko. Bestalde, bagenekien txertoak larrialdi bati erantzuten ziola eta eragina izan zitekeela hiltzeko protokolo osoa berrikusteko. Beraz, gure behiak txertatu genituen abenduaren 28an.

“Niretzat gakoa rustikotasuna eta immunitatea lantzea da.”
Xabi Harlouchet

Bazter ondoriorik ikusi ote duzu?
Lehen ondorioak zortzi egun ondotik agertu ziren. Hanturak injekzio puntuan, gure bederatzi behirentzat, suhardura ikaragarria, apetituaren jaitsiera, esne ekoizpenaren apaltzea ere, eta sukarraren gorakada lau egunez. Dena idatzi dugu taula batean: gure behi bakoitzarentzat, zer bazter ondorio? Noiz? Egunero tenperatura hartu eta idatzi dugu txertoaren ondorioak ikusteko. Hiru edo lau egunen buruan sukarra beheititu zen eta jateko gogoa eta esne-ekoizpena normaltasunera itzuli ziren. Urtarrilaren 13an, 17. egunean gira. Gutituak izan arren, bost behik oraindik edemak dute lepoan. Txertoaren egunean, 24 heldu intseminatuak ziren 5 eta 40 egun artean. Segida ikusiko dugu urtarrilaren bukaerako ekografien arabera.

Zer jarri duzu txertaketa jasaten laguntzeko?
Urtero, gure behien immunitatea bultzatu ohi dugu azaroan, ugaltze-aldirako, erditze aitzin eta ondotik, bakailao gibel olio sendaketa batekin eta errazioan mineral gehiago ekarriz. Tratamendu homeopatiko bat ere eman genien txertoa hartu baino bi egun lehenago: Apis mellifica, edangian ezartzen diren granuluen itxuran. Hori oso baliagarria da, batez ere, erle baten ziztadaren ondoren hantura handia saihesteko. Hala ere, gure behiek uste baino gehiago erreakzionatu dute txerto horrekin.

Testuinguru tirabiratsu batean, nola ikusten duzu hazkuntzarako segida?
Uste dut DNC bezalako eritasunak izanen direla oraindik. Niretzat gakoa rustikotasuna eta immunitatea lantzea da. Uste dut immunitatea lortzen eta indartzen ahal dela. Zentzu horretan lan egiten ez badugu, kabalak hauskorrak izanen dira beste eritasunen parean. Gainera, animaliei mineral eta oligoelementuen ekarpenen bidez laguntzea immunitate sendoaren gakoa da, sortze berriei ere transmititzen zaiena.
Berriki, Behi taldeak BLE elkartearekin (biologikoko elkartea) formakuntza bat antolatu du, behiak tuberkulosiaren aurrean duen immunitateari buruz, baina azkenean eritasun guzietara zuzendu daiteke. Formakuntza mota hori biziki interesgarria da, zeren beti ikasten baita, eta azkenean ohartzen zira ez dela zaila plantan ezartzea.

Scroll to Top

Discover more from Euskal Herriko Laborarien Batasuna

Subscribe now to keep reading and get access to the full archive.

Continue reading