Prentsagiria – ELB
NILS EKAITZA: ELB ALAIN ROUSSET-rekin ELKARTU DA

Ainiza, 2026ko apirilaren 10a
Akitania Berriko, Biarnoko, Lot-et-Garronneko eta Euskal Herriko (ELB) Confédération Paysanne sindikatuaren ordezkariek Alain Rousset Eskualdeko presidentearen bisita izan dute ostiral honetan, Régis Mathon-en etxaldean, Pomps-en baratzezaina.
Akitania Berrian otsailaren 11 eta 12en arteko gauean gertatu zen Nils ekaitzak Pirinio Atlantekoetako baratzezaintzan diren etxaldeak azkarki kaltetu zituen, haize boladak 140 km/orduraino izanez, baita ere Gironde eta Lot-et-Garonne departamenduetan hamar egunez izan diren uholdeek. Kanpoko estalkiak erauziak, negutegiak erabat plegatuak: kalteak haundiak dira. Baratzezainek lur lantzeak galdu dituzte, negutegi egitura edo estalki berrietan inbertitu behar dute eta hilabetetan ezin dute negutegi azpian landatu. Laborarien larritasunaren aitzinean, ez da laguntzarik existitzen baratzezaintza dibertsifikatua laguntzeko eguraldiaren gorabeheren parean. Zenbait baratzezainek zalantzan ezartzen dute beren aktibitatearen segitzea. ELBk eta Biarnoko Confédération Paysannek hunkituak izan diren etxaldeak zerrendatu dituzte eta ekaitzaren kalte kopuruak administrazioari helarazi. Gure sindikatuek Hego Akitaniako MSA, DDTM 64 eta Pirinio Atlantikoetako departamenduarekin bildu dira, batere emaitzarik gabe, egoera kezkagarri bat izan arren. Ulertezina da gure sailaren errekonozimendurik eza, hori gabe elikaduraren burujabetza zentzurik gabeko kontzeptua baita!
Horrela, Alain Rousset-en eta Akitania Berriko zerbitzuen etorrera agurtzen dugu. Lehen urrats gisa, Eskualdeak proiektu deialdi bat ideki du Etxaldeen Lehiakortasun eta Egokitzapen Plan egokituari buruz (PCAE), uholdeengatik hondamendi naturalean deklaratu diren herrietako baratzezainendako lerro berezi batekin. Proiektu deialdi horretarako diru kopurua 500.000 euro emendatu da. Arreta berezia eskainiko zaie hondamendi naturaletik kanpo diren kaltetu bakoitzari, bereziki haize-boladengatik hunkituei.
Erne egonen gira ekaitzaren biktima diren baratzezain guziek PCAE horri eskubidea ukan dezaten. Kaltetuak diren laborariei eskatzen diegu beren tokiko Confédération Paysanne sindikatuari haien burua ezagutaraztea, haien dozierrak segi ditzagun. Epe luzeago bati buruzko gogoeta batean, Eskualdeko presidentearen aitzinean fondo mutualista baten sortzea defendatu dugu, etxalde ttipiei laguntzeko, gorabehera klimatikoen parean.
Elikadura burujabetzarik ez baratzezaintza dibertsifikatu gabe!
