Prentsagiria – ELB
SINPLIFIKAZIO ADMINISTRATIBOA: ELB-k PREFETURAKO BILKURA BOIKOTATZEN DU

Ainiza, 2026ko maiatzaren 18a astelehena
Pirineo Atlantikoetako prefeturak laborantxa sindikatu guziak gomita ditu gaur antolatua den « contrôle unique » sinplikazio administratiboaren neurri nagusi delakoaren bilkura berrirat parte hartzera. ELB-k bazterreko efetuekilako neurri huts hau salatzen du. Lecornu-ren gobernamenduak bere aitzinekoen komunikazio estrategia segitzen du, jadanik urte batzuz aplikatua den neurriaren, berriz abisatze efetu batekin. Zinismo horren parean, gure sindikatuak erabaki du prefeturako bilkura hau boikotatzea.
Laborariek administratibo presio azkar baten peko dira. Horrek lan kargu, estreza eta gaizki izaite beti eta larriagoa ekartzen du. Huts, ahantzdura edo jakin gabeko akatx baten kasuan aplikatuak diren penalitateak biziki pizuak dira eta laborarientzat ondorio biziki bortitzak ekartzen dituzte. Kabala mugimendu bakotxaren kontrola neurriak biderkatzen dira, zentzugabezko maneran (adibidez, duela guti, ardi eta ahuntzen mendiko mugimenduen deklarazio berriak). Bestalde, administrazioak pagatze berantak edo hutsa kumulatzen ahal ditu arazorik gabe, azken horiek ere ondorio grabeak ekartzen dituztelarik etxaldeentzat.
« Contrôle unique » delakoak Matignon-en bidez baieztatua izan da, 2024ko mobilizazioen ondotik, hilabete sari duin eta sinplifikazio administratiboaren gaien inguruan. Michel Barnier-k jakinarazi zuen dispositibo « berri » horren aplikazioa, etxaldeetan kontrolak ttipitzeko. Ainitz kontrola dispositibo hortarik baztertuak direnean (MSA, fiskal, OFB, kalitatezko apelazio kontrolak, etab.), etxaldeak oraindik urtean bertan bereko kontrola andana bat jasaiteko posibilitatean dira.
Bestalde, « unique » hitz hori tronpakorra da : Ez du erran kontrola bat baizik izanen dela etxaldeetan. Errealitatean, erran nahi du bisita bakar batean kontrola desberdin batzu eginen direla, departamenduaren eineko bertan bereko kontrola kopurua ttipitzeko helburuarekin. Dispositibo horrek galdegiten prefeturako zerbitzu desberdineri elgar artean koordinatzeko. Iniziatiba hau, duela urte batzu jadanik punduan emana dena da. Frantzia mailan, %82 kontrola jadanik koordonatuak ziren Barnier-ren ordonantza baino lehen.
Alta 2026ko urte hastapenean, Lecornu gobernamenduak ministerio erabaki bat hartu du « contôle unique » delakoaren gainean, neurri hau sinplifikatze egitate bat bezala presentatuz. Ez gira itxuak : kontrola zerbitzuen arteko koordinazio baten nahikeria bistakoa balin bada, ez da administratibo sinplifikatze baten sinonimoa.
Baitezpadakoa da errexte eta sinplifikazio egiazko neurriak punduan emaitea. Administrazioak behar du eren pedagogia eta tolerantzia erakutsi, fede onezko laborari baten huts edo ahantzdura baten kasuan delarik. Hilabete sari ahulen egoera batean, etxalde ttipien osagarri ekonomikoa oino gehiago ahuldua izaiten ahal da penalitate edo laguntza kentzeen bidez.
